2019-09-30

LEZAUNDIRA TXANGOA. DBH 1 eta 2 (Bideoa ikusgai)


Kaixo!!! Jarraian, joan zen irailaren 19an DBH 1 eta 2ko ikasleok Lezaundira egin genuen txangoa daukazue ikusgai.

Zeuen gustukoa izatea espero dugu!!



                            Aupa DBH 1 eta 2ko ikasleak!!!
                               Gora Andra Mari ikastola!

2019-05-22

BIZIKLETAK HARTUTA, ZAMARTZERA BIDEAN. DBH 1 eta 2 (Bideotxoa ikusgai)

Aupa!

Jarraian, joan zen maiatzaren 9an DBH 1 eta 2ko ikasleok Zamartzera egindako txangoaren irudizko kronikatxoa jasotzen duen bideoa ikusi ahal duzue (egin klik hemen bideoa ikusteko)

Egun aparta pasa genuen!!! Mikel Garziandiari eskerrak gainera, asko ikasi genuen Zamartzeko historiaren inguruan. Eskerrik asko Mikel gu guziton partetik!!

GORA DBH 1 eta 2!!!

JON ARRETXE IDAZLEA DBH 1eko IKASLEEKIN SOLASEAN.

Ikasleak Afrikako istorioak entzuten
Azken aste hauetan, DBH 1eko ikasleek Jon Arretxek 2014ean argitaratu zuen "Beti iparralderantz" eleberria irakurri dute. Jon Arretxe ezaguna da Euskal Herri osoan, eta ospe handiko liburu ugari idatzi ditu: Ostegunak, Ostiralak, Xahmaran, Harresi handirantz, 19 kamera...

"Beti iparralderantz" liburuak, afrikatik bere aitaren bila europaraino abenturaz beteriko bidaia egiten duen Drissa gaztearen aferak kontatzen ditu. Izan ere, asko dira protagonistak  bidean aurkituko dituen oztopoak, baina handia oztopo horiek guztiak gainditzeko erakutsiko duen ausardia... Bai ederrak Drissak eleberri hunkigarri honen orrialdeetan barrena bizi dituen abenturak!!

Jon Arretxeren liburua, Erein argitaletxeak kaleratu du, eta Kristina Fernandez marrazkilariak ilustratu. Marrazkiak ere, liburuaren moduan, bikainak dira!! Ikusi beharko zenituzkete!!!

Ikasleak adi-adi hitzaldian
Ikasleek oso gustora irakurri dute eleberria, eta hain ona izan da egin duten liburuaren balorazia, ezen Jon deitu behar izan dugun ikastolara hurbildu eta ikasleekin hizketalditxo bat izan dezan. Jon Arretxe, ikastolako gurasoa da, eta gustu handiz hartu du gure gonbita. Bere eskutik, istorio izugarri interesgarriak entzun ahal izan dituzte hitzaldira bertaratu diren ikasleek. Ño!!! A ze pagotsa eurena!!!

Joan zen ostiralean, goizeko 12:15ak inguru bildu zen Jon ikasleekin, eta ordu eta laurden egon ziren elkarrekin. Lehenik, idazleak, liburua idazterako orduan inspirazio iturri izan zituen afrikako bere bidaietako baten argazkiak erakutsi zizkien ikasleei. Honela, liburuan agertzen diren leku ezberdinak zuzenean ezagutzeko parada izan zuten idazlearen eskutik: Tonbuctu, Kayes, Bamako, Niger ibaia, Tanger... Baina ez hori bakarrik. Gainera, liburuko pertsonai ezberdinak inspiratu dituzten benetako pertsonak ere ezagutu ahal izan zituzten: Drissa eta bere familia, Ami lagun leiala, basamortuan bizi den Rashid eroa, Amiren osaba gaiztoa, eta gainontzeko guztiak...

Ondoren, ikasleek Jon Arretxeri galdera ezberdinak egiteko aukera ere izan zuten: Zer den idazle izatea, zein bidai egin dituen idazleak munduan zehar, nolakoa izango den bere hurrengo liburua... Hitzaldiaren amaieran, Jonek ikasleei liburuak sinatu zizkien.

Jon Arretxe hitzaldian zehar
Atera ezazue kontu zeinen gustora irakurri duten ikasleek Jon Arretxeren liburu hau, ezen Jon Arretxeri liburu honen bigarren partea idaztea eskatu dioten... Irrikitan daude ikasleak, Drissa eta Amiren abentura gehiago irakurtzeko!

Bejondaizula Jon! gure ikasleengan irakurzaletasuna hain era atseginean pizten laguntzeagatik!! Badakizu besoak zabal-zabal eginda hartuko zaitugula Andra Mari ikastolan nahi duzun guztietan. Beraz, zuk nahi duzun arte!!! Bitartean, doala hemendik zuganaino geure eskerrik beroena!! Eskerrik asko guztiagatik, Jon!

Amaitu aurretik, azken gauzatxo bat pantailaren atzean zauden horri: Ez duzula oraindik "Beti iparralderantz" eleberria irakurri? Ba ez egin zalantzik!! Eskura ezazu eta ez zaizu damutuko... Ziur gustatuko zaizula!
Gora Gu! Gora Andra Mari Ikastola!

2019-04-18

IKASBIDAIA 2019. DBH 2 (Bideoak ikusgai)

Korrika ospatu genuen Salouen

Asteak joan asteak etorri, azkenean iritsi zen apirilaren 8a. Bost egun eta hamaika abentura. Izugarri ondo pasa genuen geure ikasbidaian!! (egin klik hemen lehen bideoa ikusteko)
(egin klik hemen bigarren bideoa ikusteko).

Lagunartean pozik
Bartzelona, Tarragona eta Salou ezagutzeko parada izan genuen; geuretzako ziren bungalow polit batzuetan lagunartean eta aldarte ederrean pasa genituen orduak; kirol piloa egin ahal izan genuen kanpingeko instalakuntzetan; piszinan eta hondartzan jolasteko aukera eskeini zigun eguraldiak; laser taga zer den ezagutu dugu; saltoka eta barrezka ibili ginen wipeout zirkuitoetan, eta nola ez... Portaventuran gora eta behera aritu ginen, Dragon Khan, Shambala, Furious Baco eta gainontzeko guztietan ere!!! Mundiala izan zen!!! A ze pagotsa geurea!
Itsasoan jolasean

Dena den, pantailaren atzean zauden horri, ez dizugu ezertxo ere gehiago aurreratuko. Nahi izanez gero, bi bideo dauzkazu geure ikasbidaia nolakoa izan zen ikusi ahal izateko!!! Zeuen gustukoak izatea espero dugu!!

Berriro ere elkarren berri azkar izango dugulakoan agutrtzen gara. Bitartean, aio eta disfrutatu ondo merezitako jai egun hauek, izan ere, bueltakoan oso gutxi faltako baitzaigu ikasketen azken txanpari heltzeko!!! Eginahalak egingo ditugu urtea ondo amaitzeko!!!
Gora Andra Mari Ikastola eta gora gu!!!

2018-09-26

URBASAKO ZEHARKALDIA. DBH 1 eta 2. (Bideoa ikusgai)

Aldarte onean, aldaparik ez!
Dakizuen moduan, joan zen irailaren 12an, asteazkenarekin, kurtsoari hasera egokia emateko asmoarekin, goizeko 9:30ean autobusa hartuta Lizarragako tunelerantz abiatu ginen DBH 1 eta 2ko ikaskide guzti-guztiak. Kasu honetan, Anaitz, Enara, Luis Karlos, Maria, Aiora eta Adur irakasleen konpainian.
(Egin klik hemen bideoa ikusteko)

Hasera batean, eguraldiaren beldur izan baginen ere, gutxinaka-gutxinaka eta geure urratsen erritmora, hodeiak aldendu egin ziren eguzki gozoari lekua egiteko. Egun ederra izan genuen azkenean!!!! 

Otsoportillon lasai-lasai solasean
Txangoak, Sakanako geure bazterrak hobeto ezagutzeko balio izan zigun, eta gainera, naturak eskeinitako guztiarekin jolasteko parada ere izan genuen: harkaitzak eta belarra, zuhaitzak eta hostoak, ziraun iheskorrak eta koloretako masustak, harriak eta arto-buruak, behi naretsuak eta ahuntz jostariak, haizea, putzuak eta errekatxo estuak... denak balio izan zuen lagunartean jolastu eta naturaz gozatzeko!!! Gainera, ezustean lurrera erori ezkero, lurretik altsatzen lagunduko zigun lagunaren eskua gertu egongo zela jakinda, ez zen Urbasan gu geldiaraziko gintuen aldaparik!! 
Merezitako hamaiketakoaz gozatzen

Ibilaldi luzea izan zen, 18 kilometroko ibilbidea egin baikenuen oinez egunean zehar. Lizarragako tunelean hasi, eta Urbasako  kanpingeraino iritsi ginen. Tartean, Lizarragako San Adrian, Baiza, Santa Marina, Otsoportillo... eta Urbasako mendilerroak hain ugariak dituen beste leku berezi eta eder asko ezagutu genituen!!! Hau pagotsa geurea!!!
Ikasleak behiak ikuskatzen

Honela, espero genuena baina beranduxago eta ordulariak ia arratsldeko 17:00 markatzen zituela iritsi ginen azkenean bakoitza geure herrira: neka-neka eginda, baina poz-pozik eta helburuak beteta!!! Aupa gu!!!

Beno ba, pantailaren atzean zauden horri, espero dugu Urbasako zeharkaldiaren geure kronikatxo hau gustatu izana!!! Ez ahaztu bideoa daukazula ikusgai!!! Eta orain bai, dagoeneko iritsi zaigu agurtzeko ordua... baina ez zaitez triste jarri!!! Jakin, kurtsoan zehar gehiagotan izango dugula elkarren berri!!! Bitartean, zaindu eta ongi izan lagun!!!

AUPA ANDRA MARI IKASTOLA!!! GORA DBH 1 eta 2ko IKASLEAK!!!